XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaztedanik egiten zituen merkatal bidaia hauek: Pozatik gatza eraman ohi zuen Valladolideraino, edota Medina del Camporaino; hemendik olio, galgarau edo beste motatako labore zekarren.

Gehienetan, azken garai hartan bereziki, zitua bazen, udalari saltzen zion alondegirako.

Bestela, larunbateko azokan jartzen zuen salgai.

Poza oso leku aproposa zen merkataritzarako: alde batetik, nekazaritza pobrea zen, bestetik, gatz on eta ugari zeukan.

Handik zetorkion mandazantzak zuen inportantzia.

Bideak lagunak egin erazten ditu, etxeetako hormek desegiten dituen bezalaxe; adiskidetasuna izarpean errez, sabaipean nekez.

Mandazainaren familiaz, bidaiez eta herriaz hitz egin genuen.

Nik ez nion gezurrik esan nahi, beraz komentuko eguneroko gauzez hitz egin nion, bi urde haiekin izandako arazoa aipatu gabe.

Konfidantza hartuta galdegin nion salerosketatik dirua ateratzeari txarto ez zeritzon.

Ikuspuntu bitxia adierazi zidan.

- Salerosleok behartsuen onerako batez ere egiten dugu lan.

Datorren urtean Pozan, berez urria den nekazaritzan, uzta eskasa baletorkigu, nekezka genuke denok elikurik.

Aberatsenek orduan jango lukete, garraioa beren kontura egin lezaketelako, baina ez lukete izango besteoi emateko.

Nik eta nik bezala beste batzuk eginiko komertzioari esker hauxe gertatuko balitz, denok izango genuke elikua jateko.

Gatza daramagun lekuetan antzeko zeregina betetzen dugu.

Nola gordeko zuten arraina zein haragia gatza ez dagoen lekuetan?.

Norbaitek eraman behar die beharrezko gatza mengotsuei; bestela, berauek nola lortu? Eta, noski, garraio neketsu horiek egiten ditugunok ogibide bezala egin beharra daukagu, salerosketaren gain zerbait irabazten ari garelarik.